2024/03/25

Euskara, Sari Ziurra 2024

Hiru astez txartelak banatzen egon ostean, martxoaren 22an, Dolumin Barikuan, kapaina honi emateko ohiko zozketa egin genuen Herriko Plazan. Aurten giro ezinhobean egin dugu, eguraldia lagun eta korrika giroarekin. 

Mila esker parte hartu duzuen guztioi: merkatari, ostalari, bezero....

Eskerrik asko!!!!👋👋👋

Hemen ateratako zenbakien zerrenda:



2024/02/26

Okindegia Lourdes gozotegia

2024an beste hitzarmenkide hau ere gehitu zaigu egitasmora: Lourdes gozotegia, Laudioko Ugarte auzoan.

Jabeak oraindik euskaraz ez dakien arren, ikasteko gogo handia erakutsi digu, eta hasteko euskarazko kartel ugariz josi du denda. Apurka-apurka euskararen aldeko dinamiketan parte hartu ahal izateko lehenengo urratsak eman  nahi ditu establezimendu honek, hala izatea espero dugu behintzat.

Hemen dendan ikusi ahal diren kartelen argazkitxo polit bat!!!!




2024/01/16

Nare ile-apaindegia

Nare ile-apaindegia gehitu dugu gaur egitasmora. Udalarekin maila ertaineko konpromisoa sinatu du, hau da, irudia, komunikazioa eta zerbitzua euskaraz. Bere jabea den Ainhoak jada bere kabuz egiten zuena publiko egin nahi izan dugu modu honetan. 

Honekin batera gogoratu nahi dizuegu laster barru berriz ekingo diogula "Hazka eta irabazi" kanpainari, eta beronen arrakasta guztion esku dagoela, bezero eta merkatarien esku. 

Hemen Nare ile-apaindegian ateratako argazki polit bat!!!!!!!



2024/01/08

Erakusleiho lehiaketan ere euskaraz

Dagoeneko sei urte dira Laudioko erakusleiho lehiaketan euskararen kategoria saria sortu genuela, eta esan beharra dago oso harrera ona izan duela urte hauetan guztietan, batzuk gogorrak izan badira ere.

Aurtengo edizioan 16 establezimenduk hartu dute parte: Aldama arrandegia, Can-Can arropa-denda, Charol jantzi-denda, Ez & Bai arropa-denda, Irusta opari-denda, Irrintzi euskal jantzi-denda, Jana ile-apaindegia, Juan tapizeria, Lur belar-denda, Nahikari lurrindenda, Nina arropa-denda, Olympus kirol-denda, Optica Luyando, Roiz zapata-denda, Trece arropa-denda eta Tximeleta arropa-denda eta irabazlea Lur belar-denda izan da erakusleiho polit honekin.



2023/12/01

Merkataritza eta euskara saria 2023

Urte asko dira Laudio udalerrian merkataritza euskalduntzeko egitasmoa martxan ipini genuela. Bere helburua, egitasmoak berak adierazten duen bezala, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresetan euskararen erabilera sustatzea da,azken finean, bizitzaren esparru guztietara zabaltzea erabilera hori.

Ugari dira egitasmoan parte hartzen duten establezimenduak eta egindako ahaleginik txikienak ere bere esker ona merezi duela uste dugu. Baina aurten, eta honi helduz, bi establezimenduren lana nabarmendu nahi izan dugu, ekimen askotan parte hartu dutelako eta parte hartze hori etengabea izan delako. Bi hauek Lur belar-denda eta Olympus kirol-denda izan dira. Egindako lanaren aitortza egiteko bertoko produktuen saskia eta plaka bana oparitu zaizkie.

Honekin bide onetik zoaztela jakinarazi nahi dizuegu eta esan bezala, asko eskertzen dizuegu guztioi egindako lana.

Eskerrik asko eta segi horrela, Laudio herriak eta euskarak merezi duelako!



2023/09/20

Surya zentroan zerbitzua euskaraz

Surya zentroan ere euskaraz hitz egin daiteke arazo barik eta zerbitzu ezin hobea jasotzen duzun bitartean. Leirek, bere jabeak, gustura artatuko zaitu euskaraz, bideoan ikus daitekeen moduan.

LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!




2023/07/05

Egoki fisioterapia zentroan zerbitzua euskaraz

Egoki fisioterapia zentroko neskek ere atseginez eskaintzen dute euskarazko zerbitzua hasieratik, oso argi daukatelako bezeroentzat lan egiten dutela eta hauek gustura sentitu behar direla jasotzen duten zerbitzuarekin. 

Euren zentroan bideo hau grabatu dugu esaten dugunaren erakusgai eta bezeroak animatzen ditugu zentro honetan eta egitasmoan dauden beste hainbat entitatetan euskaraz hitz egitera. 

LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!!!!